50 ETA 60. HAMARKADAK 50.hamarkada arte lau irrati emitituko dute Euskal Herrian. 1953. urtean hasiko dira "Movimiento" delako erakundearen irratiak jartzen. Irratiak komertzialak izanik, instituzionaltzat hartuak izanen dira. Hiru saretan banatuko dira. Alde batetik REM (Red de Emisoras del Movimiento) katean, La Voz de Álava (1953), La Voz de Guipúzcoa (1956) eta La Voz de Navarra (1957). Beste aldetik CAR (Cadena Azul de Radiodifusión), Radio Juventud de Eibar (1953) eta Radio Juventud de Bilbao (1954) irratiekin. Eta hirugarren sare bat, Cadena de Emisoras Sindicales (CES), Radio Tudelaren jabe izango da. Hamarkada honen erdi aldean, apaiz batzuk, Ebangelioa zabaldu nahian, poste emisoreak jartzen hasiko dira beraien kanpai-dorretan. Estatu osoan ematen den fenomeno honek, Euskal Herrian ere izanen du bere arrakasta. Horrela Segurako Cesareo Elgarresta apaizak aurrera eramango du bere proiektua: Goiherrin, Jaungoikoaren hitza zabaldu eta ahaztu samarra zegoen Arrosario Santua, berpiztu. 1956ko apirilaren 2an hasiko da emititzen Segura Irratia uhin normaleko 1500kz-tan. Pedro Gorostidi, ardura berdineko beste apaiz batek, Arrate Irratia jarriko du martxan 1959ko abenduaren 23an. Irrati gehiago sortuko ziren, hala Tolosa Irratia, Berruete Irratia, Irurita Irratia eta Arrasate eskolako irratia. Emankizun erlijiosoak, Arrosarioa, Meza Santua, misiolarien sermoiak, eta zorion agurrak eta bertsoak izango dira irrati hauen zutabeak. Poliki poliki Euskara bere saioetan sartzen joango dira. Hala ere beste irrati batzutan entzun dezakegu gure hizkuntza zaharra. Radio San Sebastian irratian, 1949. urtetik aurrera astero egingo dute baserritarrei eskainitako saio bat. Programa hau Gipuzkoako Aldundiak babestuko du eta egileak, Jose Artetxe, Beorlegi eta Patxi Juaristi izango dira. La Voz de Guipúzcoan 1956tik aurrera eguneroko saio ttiki batzuk egingo dira. Mario Dolores Agirre, Zurutuza, Manu Oñatibia eta Iñaki Eizmendi "Baserri" bertsolaria izango dira programa hauen egilea. Baina Loiola Irratia izango da, euskara normaltasun osoz erabiliko duen irratia. Programa elebidunak egingo ditu eta beldur gabe pasatuko dira hizkuntza batetik bestera. Kiroletan, elkarrizketetan entzungo dugu gure hizkuntza. Baina egoera honek 1964an porrot egingo du. Dekretu berri batek murriztuko ditu uhin normaleko irratiak eta irrati euskaldunak muturik geratuko dira. Eliza Katolikoak akordio bat sinatuko du gobernuarekin. Horren arabera, parrokietako irrati gehienak itxi egin beharko dituzte. Lizentzia berriak lortuko ditu eta horrela Radio Popular sortuko da. Euskal Herrian Donostian, Bilbon eta Iruñean hasiko dira Herri Irratiak deituriko irratiak. Loiolako Irratiak uhin normaleko banda utzi beharko du eta FM-ra pasatu. Arazo bat dago. Merkatuan ez dago FM bandako irrati-aparailurik. Beraz, aparailurik gabe, entzulerik ez. Egoera honi aurre egiteko bazkide klub bat sortzea erabakitzen da. Bazkide bakoitzak hilera kuota bat ordaintzea eta FM bandako irrati-aparailu bat erosteko konpromisoa hartzen du. Club berezi hau 6000 familiak osatuko dute. Garai hartan informazioa ematea debekatuta zegoen. Egunero arratsaldek,o ordu bi eta erdietan eta gaueko hamarretan irrati guztiak Radio Nacionaleko parteak eman behar zituzten derrigorrez. Irrati komertzialei geratzen zitzaien irteera bakarra entretenimendua zen. "Se lo lleva o repite", "Ni si ni no", "Agudice su ingenio", "Haga usted lo que sepa" izango dira garai honetako lehiaketa ezagunak. Irratietako aktoreak oso herrikoiak bihurtuko dira. Nobela originalak eta antzerki obrak zabalduko dira irratien bidez. Radio San Sebastianek Quintero anaien obrak jarriko ditu antenan. Honetaz gain, Felix Gamarra, irratiko zuzendariaren ipuin unibertsalak, eta noski haurrei eskainitako mago eta maitagarrien antzerki lanak ere eskainiko dira. Zorion agurreko saioak irrati guztietan aurkituko ditugu. Radio Vitoriako Club de Amigos, oraindik antenan segitzen duena, oso herrikoia izango da. Loiola Herri Irratian "Usted hace el Programa" edo " Ez beharrean Zorion" ere bai. Bertan egiten diren saioak os famatuak izango dira baina baita Madrildik datozkigun programak ere. Besteak beste, "Cabalgata Fin de semana", "Las correrías de Pepe Iglesias el Zorro", "Ustedes son formidables", edota "la sangre es roja" eta "Ama Rosa" irrati nobelak ditugu.