Irrati libreak agertu zirenean, erabat lotzen ziren mugimendu sozialekin, gazteen antolamenduaren atal bat bezala. Garai hartako irratiarekin alderatuta, askatasun garrasia suposatzen zuten irrati libreak.

Irrati libreak talde sozialen ekimenetik sortutako irratiak dira. Informazio eta adierazpen askatasunaren adierazlerik hoberenak izan dira eta horregatik, bere hastapenetan, errepresioa jasan izan zuten gogorki. Irrati libreen ezaugarri nagusienak honako hauexek izan daitezke: Esan bezala, gizarte taldeek (gazteak gehienetan) sortuak eta bultzatuak dira; interes gabeko lan ekimenak dira, hau da, ez dute ezer kobratzen bere lanagatik; normalean ordu tarte jakin eta murriztu batean emititzen dute; geografikoki herri edo hiri auzoetako irratiak dira; ezohizko finantziazio iturriak bilatzen dituzte, publizitaterik ez dutelako.

Irrati libreak jaio zirenean, hau da, 80ko hamarkadan, egoera soziopolitikoa nahiko zaila zen. Demokrazia hasiberria zen garai horretan, askatasuna bera kontu handiz erabili behar zen terminoa zen. Medioak ere desberdinak ziren eta gaur egun askoz ere garrantzitsuagoa suertatzen da antolaketa ona izatea, pertsona kopuru handia baino.

Egia esan, baliabide tekniko gutxirekin, kalitatezko Irratia ekoiztu daiteke arazo handirik gabe. Batez ere interneten eraiki daitezken Irrati digitalekin. Baina bestalde, ez da pentsatu behar profesionalizazioan, izan ere, jatorrizko Irrati Libreak komertzialetatik bereiztu nahi zuten. Zerbait profesional bilakatzea esan nahi badu kalitate profesionala ematen dela, orduan, Irrati Libreak profesionalizatzen ari dira. Hala eta guztiz ere, benetan profesionalak izateko, Irrati Libreen egitura aldatu beharko litzateke, finantziazio iturriak aldatu ere eguneko 24 orduetan emititu ahal izateko eta bide horretatik, Irrati Librearen izpiritua galduko litzateke.

Aurrekoan esan bezala, nolabaiteko konpatibilitate arazoa dago profesional terminoa eta Irrati Librearen nortasunaren artean. Baina argi dago ibili beharreko bide bat dela. Dena den, ikusteko dago ze nolako moduak bilatuko dira oreka mantendu ahal izateko, nortasun horren eta profesional bezala lan egin beharraren arteko oreka.

Izpiritu librea

Publizitatea erabiltzeak Irrati Librearen kontzeptua apurtuko luke. Bi irrati motak daude orokortasunean hitz egiten: Komertzialak eta Libreak. Komertzialak dirua behar dute aurrera egiteko, Libreak ostera, lan desinteresatua eta gizarte ekimena. Agian norbait esan dezake publizitate mota bat bilatu daitekeela Irrati Libreentzat, baina sakontzen hasita, ikus daiteke nola askatasun horren muina, diruaren (publizitatea=dirua) menpean ez egotean datza. Aldiz, herri laguntzak eta ekimen sozialak Irrati Libreak mantentzen baditu ezin esan inoren menpe daudenik eta beraz, askatasun osoz egingo dute bere jarduera.


Harrera ona dute Irrati libreak entzuleen aldetik. Nolabait, telebista lokalekin gertatzen den efektua Irrati libreekin errepikatzen da, hurbiltasunarena. Kontutan izanik hedapenaren aldetik oso murritzak direla, herrietako eta hiri-auzoetako biztanleek bere egiten dituzte Irrati Libreen jarduna. Horixe da klabea irrati hauek bizirik iraun ahal izateko.

Hasiera batean, Euskal Herriko Irrati Libreak lotura estua zuten gazteriaren militantzia politikoarekin. Horrek erabat baldintzatzen zuten hauen jarduna, baita ere areagotu haien gaineko errepresioa. Gaur egun kutsu politiko hori aldatu egin da, egoera sozial eta politikoarekin batera. Orokorrean, Euskal Herriko Irrati Libreaz balorazio ona egin daiteke, behintzat gu geuk ezagututakoak, lan txukuna egin izan dute beti.

Internet aukera anitz ematen die Irrati Libreei. Gaur egun, informazio trukerako biderik egokiena da Internet. Bertan testuak, irudiak eta soinuak edonoren eskura agertzen dira. Norberak nahi bezain beste eman eta hartu egin dezake sare-artean. Irrati digitala sortzea erraza eta merkea da erabat. Edonork sortu dezake bereirratsaioa interneten eta mundu guztiaren eskura jarri.

Bestalde, sare-arteak eskaintzen dien aukeren artean, informazioa eskuratzearena garrantzitsuenetarikoa da zalantzarik gabe. Beste hedabide guztiak (egunkariak zein telebistak) Interneten duten ziberguneetan arakatu daiteke gero ekoiztuko den informazioa irratirako. Horrela, denbora irabaziz, errazagoa da medio handirik ez duten Irrati lan talde txikientzat irrati handiekin lehiatzea, behintzat albisteak ematerako orduan. Internetekin irratiaren merkatua asko aldatuko ote den galdera, ez da ez batere erraza erantzutea. Betiko irratia ordezkatzea zaila da, hainbeste urte gure gizartean barneratuta egon eta gero, ez da modurik aurreikusten berehala desagerrarazteko betikoak zaizkigun uhinak.