Gaur egungo kazetaritzaren oinarri sendoenak inprentak jarri bazituen ere, honen erroak lehen hiri-zibilizazioetaraino iristen dira, hots, erromatarren inperioraino; garai hartan, baziren zenbait berri-paper (acta diurna, acta senatus) kazetaritzaren aintzindaritzat jo daitezkeenak. Baina beharbada, zentzu hertsian lehen kazetaritza-argitalpenak ez ziren XVI. mendera arte iritsi, Polonian katoliko eta protestanteen arteko auziari buruzko aldizkari bat kaleratu zen arte. XVII. mendeko lehen urteetan aldizkako prentsa erregularra (hilabekariak eta astekariak) argitaratzen zen Alemanian, Herri Behereetan eta Ingalaterran. Mende hartan, postaren erabilerak prosezua (albisteen harrera, inprimatze eta hedapena) bizkortu zuen, eta kazetaritzaren merkatua posta zerbitzua zuten hiri guztietara hedatu zen. Honekin batera, gaurkotasunaren kontzeptua garatu zen, irakurleak bere inguruan gertatzen zenaren kontzientzia handiagoa hartzen baitzuen. XVII. mendean frantses prentsa izan zen nagusi, eta XVIII.mendean ingeles estiloko iritzi kazetaritza eta prentsa politikoa nabarmendu ziren. Lehen egunkaria 1702an azaldu zen Ingalaterran (The Daily Courant), baina egunerokotasuna, oro har, ez zen guztiz sendotu XIX. mendearen hasiera arte. XIX. mendearen hasierako aurrerapen teknologikoek eta gizartean gertatzen ari ziren aldaketek egunkaria komunikabide masibo bilakatzea ekarri zuten. Egunkariak sendotzearekin batera, gainerako argitalpenak (astekari, hilabetekari, eta abarrek) beste espezializazio-alorrak jorratu zituzten. Informazio-premiak eraginda egunkari batzuk goiz eta arratsaldeko argitalpenak egiten hasi ziren eta lehen berri-agentziak sortu ziren. XX.mendearen hasieran komunikabide berriak sortzeak espezializazioa areagotu zuen. Irrati eta telebista agertzean kazetaritzaren betiko euskarri idatzia aldatu zen eta albisteak askoz lasterrago hasi ziren zabaltzen. 1924an irrati-difusioa, sortu zen eta honen berehalakotasunak komunikabide idatziei aurrea hartu zien. Geroztik, telebista merkaturatzeak eta Bigarren Mundu Gerraz geroztik, teknologi mailan (informatika eta industria teknologikoa bereziki) izandako aldaketak aipatutako komunikabideen espezializazioa bultzatu du. Finantza eta industria handiak masa komunikabideak bere menpe hartu dituen neurrian kazetaritzaren iharduera aldatu egin da. Azken urteotan, burokratizazioa gero eta handiagoa izatearekin batera, kazetaritzak iritzi publikoa kontrolatu eta osatzeko funtzioa bere gain hartu du.