Hirurogeita hamargarren hamarkadan Italiako esperientziak, besteak beste: Radio Sicilia Libera eta Radio Bologna per l'acceso publico badira abiapuntu Euskal Herrian zein Espainian sortuko zirenentzat: Radio Alice (1977), Radio Piratona, Onda Lliure (1979). "Dar la palabra a la GENTE. Gente con mayúsculas" delako leloa dute abiapuntu euren emisioak hasteko. Politika mailan, parlamentarismotik kanpoko ezkerraldean kokatzen dira eta komunikazio alternatiboa dute helburu. Urte hauetako Irrati Libreek ekologia, nuklearren kontrako ekimenak, ikasle ekimenak, sindikalismo erradikala, gay eta lesbianak,, feminismoa, militarren kontrako ekimenak eta presoen aldeko ekimenak lotzen dituzte ekimen hauen guztien bozemaile izateko. Laurogeigarren hamarkadaren hasieran,Irrati Libre asko sortzen dira bai Bilbon, bai Euskal Herrian, bai Espainiako Estatu mailan. 1985-1988an ehun irrati baino gehiago zegoen Espainiako Estatuko dialean. Oso luzea izango litzateke zerrenda osoa ematea. Horregatik Bilbo Handian sortutakoak baino ez ditugu aipatuko. Batzuek euskararen egora aztertuta esparru geografiko horretan hizkuntza gutxitu horren aldeko ahaleginak egin zituzten, kritika soziala eta alternatiboa ahaztu gabe, besteak beste, Gramola Iratia, Txomin Barullo Irratia, Iluna Irratia, Otxasko Irratia, Ortzadar Irratia, Sestaoko Karibe Irratia, Algortako Bost Axola irratia, Barakaldoko Zirika Irrratia. Dena den, emandako zerrendak ez du agortzen garaiko Irrati Libreen mugimendua beste Irrati Libre batzuk entzun zitezkeelako: Pititako Irratia edo Irola Irratia, besteak beste. Laurogeigarren hamarkadako helburu alternatiboei jarraiki Irrati Libreek ez zuten mugarik onartzen eta irrati bakoitzak bere koordinazioa bilatzen zuen bai tokian tokiko, bai lurralde historikoetan, bai estatu mailan, bai nazioartean. Hala, 1985ean Espainia mailako koordinadora izan zen Albaceten. Bertan ezin zela halako ekimen anitza ekintza batean koordinatu adierazi zuten partaideek. Hala ere Irrati Libreek badute eragina 1985etik aurrera suertatu ziren gizarte mobilizazioetan, bai 1986ko NATOren kontrako kanpainiaren garaian, 1988ko abenduaren 14 eta 1994ko urtarrilaren 27ko Greba orokorretan, 1989ko LOT (Ley de Ordenación de Telecomunicaciones), 19991eko Golkoko Gudan... Urte horietan sortutako euskal Herriko Irrati Libreen arteko ezberdintasunak oso nabariak ziren, bai lehentasunak markatzerakoan, bai ekonomia antolatzean, bai medio teknikoen aldetik, bai emisioa, bai hizkuntza... Tokian tokiko ekimenak zirenez, bakoitzak errekurtso batzuk sortu zituen bere programazioa aurrera eraman ahal izateko. Laurogeigarren hamarkadaren bukaeran sorturiko Hiritar Ekimenen krisialdiak Irrati Libreen osteko gertakizunetan zerikusirik badu. Hiru faktore aipa daiteke kinka azaltzekotan. Lehenengo biak Espainia mailan agertzen dira, hirugarrena Euskal Herriko egoera propioari egokitzen zaiolarik. Alde batetik, Herritar Ekimenen beraien krisia. V.J.Ventosa-k adierazi bezala hiru dira kinka honen oinarriak: Ideologikoa (Hiritar Mugimenduen emaitzak nahiko eskasak dira). Bestaldetik, 1987tik administrazioen portaerak infleksio puntua aurkitzen du, geroztik udaletxeek gestio irizpideak bultzatzen dituzte aurreko irizpide sozialei muzin eginez. Bukatzeko eta Euskal Herriari dagokionez, garai hartan izandako Argeliako Elkarrizketaren porrotak ezker Abertzalearen estrategia politikoak aldarazi zituen geroztik ordura arte Herritar Ekimenei emaniko indarra urriagoa izanik. Irrati libreei dagokienez, kinka oso nabaria da irratiek jende diru eta baliabide gehiago behar baitute beste Herritar Ekimenek baino. Egia eta Bayonek zehatz mehatz adierazten dituzte Euskal Herriko Irrati Libreen kinkaren oinarriak. Krisiak eragin handia izan zuen Bilbo Handiko Irrati Libreetan. 1988an 10 irrati baino gehiago bazebiltzan ere 1991ean Bilbon ez zegoen bat bera ere ez eta Bilbo Handian bakan batzuk baino ez ziren gelditu euren emititzeko ahalmena oso murriztua izanik: Pititako, Bost Axola, Karibe Irratia, Irola. 1994tik aurrera joera ezberdiank sortzen dira Bilbo Handiko Irrati Libreen artean. Alde batetik ozta ozta mantendutako irrati batzuk desagertu ziren, esaterako, Bost Axola, Karibe Irratia, beste batzuek euren egitasmoa berdefinitu zuten Pititako, Irola. Bilboko Irrati Libreek utzitako ondasuna bildu zen egitasmo berri batean: Tas-Tas Irrati Librea. 1994an aldaketa kualitatiboa sortzen da Bilbon, 1988an Orioko Jardunaldietan sortutako Tas-Tas agentziak irrati libre bat sortu zuenean. Tas-tas Irrati Librea esparru teknologikoa garatzen doa 1995etik, ordenagailuen bidezko programazioa sortuz. 1998an software berri bat asmatzen dute. Honen bidez, zuzenean egiten ez ziren saioak antolatzen has zitezkeen. 1997an Bilbo Hiri Irratia sortzen da indar eta gogo handiz Gabriel Arestiko euskaltegian zegoen Totelka irratiatik. Zenbat Gara Elkarteak definitutako esparrua betetzen zuen Bilbon. Euskara hutsez emititzen duen irratia ez instituzionala da.