Euskal Telebista. 1983an hasi ziren lehen emisioak, ehun bat langileren eskutik. Luis Iriondok jaso zuen zuzendaritza. Legean ari eta garbi esaten ez bada ere, euskara hutsezko telebista bat eratu zen hasieran. Urte hori esperimentaltzat hartu zen, eta gauzak azkar-azkar egin ziren, irregularki, presaka (Ib‡-ez, 1995: 348). Hasieran bi ordu eta erdi egunero: marrazki bizidunak, dokumentalak, luzemetraiak eta albistegiak. Abendurako kirolak - erretransmisioak barne - hauteskundeen berri eta elizkizunak eskaintzen ziren (40 ordu astero). Gaur egun ikus daitekeen albistegia eratu zen: Teleberri. Durangon ezarri zen egoitza, eta Alemaniako Studio Hamburg Media Consult International delakoaren laguntza tekniko-profesionala izan zuen. 1984an proiektua gihartuz joan zen. Berezko ekoizpena handitzeko beharra ikusten zen. Langilegoa ere handitu behar zen, eta urte hartan 220 pertsona zeuden ETBn lanean. Orduan ere, zenbait irakasle euskaldunen kemenez, Kazetaritza ikasketak euskaraz egiten hasi ziren Leioako Fakultatean, eta euskaraz trebatutako lehen kazetariak lizentziatzen hasi ziren. ETBko balizko ikusleak 509.500 lagun ziren (Zufia, 1984). Lan gorabehera batzuekin, eta Euzko Alderdi Jeltzalearen barruko arazoak tartean (1985ean Garaikoetxearen ordez José Antonio Ardanzak izendatzen du EAJk lehendakari berria), ETBn ere aldaketak gertatzen dira. Zuzendaria zen Andoni Areizagaren ordez José María Gorordo izendatzen dute. Haren ustez, elebitasuna errespetatu behar zen, baina euskara hutsezko kanala ere mantendu behar zen. Orduan, erdara hutsezko beste kate bat sortzea proposatu zuen. Bat-batean egin zen hori 1986ko maiatzaren 31n. Egun bat lehenago Gorordok eman zien berria EITBko Administrazio-Kontseilukideei. Erabaki hori asko kritikatu dute beste alderdi politikoek eta euskaltzale askok. Gorordoren ondoren Josu Ortuondo izan zen ETBko zuzendaria. Adituen ustez, garai hori (1987-1991) normaltzearena da. Apostua, argi eta garbi, batez ere erdarazko katean, komertzialitatearen aldekoa izan da, gainontzeko telebista ofizialetan bezalaxe, batez ere kate ofizialek monopolioa galdu eta enpresa pribatuak emititzen hasi zirenean (hiru Espainian: Tele5, Antena 3 eta Canal+). 1991tik aurrera Iñaki Zarraoak zuzendu du ETB. Bere zuzendaritzapean eredua ezarri da: bi kate, bat euskara hutsezkoa, bestea erdara hutsezkoa, komertzialitatea (eta zerbitzu publikoaren kontzeptuarekiko gatazka), gero eta produkzio propio gehiago (hor dago Goenkale programaren arrakasta), audientziaren estabilizazioa, nahiz eta telebista publikoak sortu (batez ere ETB-1, euskarazko katea, konpetentziarik ez duelako, tokian tokiko telebistena izan ezik), eta aurrekontu publikoekiko menpekotasuna: EITBK Kultur sailaren aurrekontu gehiena eskuratzen du, eta horrek ere kritika latzak sortu ditu.