Irrati Libreen egoera legala Irrati libreen egoera legalari buruz, badago zer esana. Izan ere, kontu honetan irrati hauek nahiko bereziak dira, alegia, emititzeko behar bezain hainbat baimen ez badaukate ere, erakunde ofizialetatik, egun, ez da hauen kontrako neurri zuzenik hartzen. Hau, guztia dela eta, esan dezakegu Irrati Libreak alegalak direla. Baina, zer ezberdintasun dago hortaz, legalitateari dagokionez, irrati pirata eta askeen artean? Bada, Irrati Libre edo Askeekin hastearren, esan dezakegu, hauek, potentzial handia daukaten komunikabideen alternatiba gisa jaio zirela. Hortaz, legalizazioari uko eginez, uhinen okupazioaren aldarrikapenean zentratzen dira, horrela, irrati askeen helburua, kontrainformatzean datzalarik. Irrati piratak aldiz, enpresaren egitura duten emisorak dira, noski, hauek ere legez kanpo jokatzen dutelarik. Hauen helburua ordea, bestelakoa da: Ekonomikoki jaztea. Badago, baina, aipatu beharreko aurrekaririk. 1980ko hamarkadan, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak egindako irrati maiztasunak banatzeko deialdietan parte hartu zuten irrati piratek, beraz, esan dezakegu, beraien asmoa legalki emititzea zela. Arrakasta gabe bukatu zitzaien aipatu lehiaketa, eta horrek bultzatu zituzten ilegalki aritzera. Irrati libreen aukera izan da, ostera, legalitatetik kanpo jokatzea, bestela izango balitz, zentsurapean arituko liratekeela argudiatuz. Irrati libreen egoera, baina, ez da beti berdina izan. Ez horixe. Esan dezakegu, 1980.ekoa izan zela irrati hauentzako hamarkadarik gogorrena. Izan ere, irrati batzuk prezintatuak izateaz gain, irratietako partaide atxilotuak ere izan ziren. Adibide gisa, Gasteizeko Hala Bedi Irratia eta Iruņako Eguzki aipa ditzazkegu. Honekin lotuta, espaniar estatuan 1987 eta 1989 urteak kontutan hartzekoak dira, izan ere, bi arautegi ezarri ziren: LOT edo Telekomunikazioen Ordenazio Arautegia eta Plan Tecnico Nacional de la Sonora en Ondas Metricas con Modulacion de Frecuencias ( honekin Espaniako irrati asko legalitatera pasatu baziren ere, ez zen berdina gertatu euskaldunekin), hurrenez hurren. Aipatutako lehenengo arautegia aplikatzeari 1989an ekin zitzaion, ondorioz, Euskal Herriko hamabost irratiren instalazioak desmuntatzeko agindua eman zelarik. Baina itxierok, Irrati Libreen presio soziala, Espaniako gobernuak zituen arazoak (orduan PSOE zegoen boterean; GAL-en gerra zikina eta 1988an egindako greba orokorra, besteak beste, legealdi honen protagonista bihurtu ziren, eta aldi berean, gobernuaren ahuleziaren arrazoi nagusiak) eta nazioarteko erakunde ezberdinek komunikatzeko eskubidearen aldeko aldarrikapenak (UNESCOk adierazpen askatasunaren inguruan egindakoak adibidez eta 1988ko maiatzean Europako Legebiltzarrean FERL-ri . Europako Irrati Libreen Federazioari, emandako onespena) zirela medio, ez ziren gertatu. Garai hartan, Eusko Jaurlaritza ere ez zen atzean geratu eta eskumena jaso bezain laster, frekuentzien banaketarekin hasi zen. Baina ez zen adostasunik nabaritzen Irrati Libreen sektorean, hauek, gutxi batzuen mesederako egindako banaketa zela manifestatzen zutelarik, horrela, 1992an Euskal Herriko Irrati Askeek hiru eskakizun egin zizkielarik baskongadetako gobernuari. Lehenik eta behin, irrati mota hau onartzea eskatzen zuten, honekin batera irrati hauentzako marko legal bat eratzea eta egingo ziren emisioak onartzea. Baina aipatu gobernua mutu gelditu zen, horrela, galdera edo eskakizun hauek airean gelditu zirelarik. Irrati Libreek legez kanpokoak izatearen irudia badaukate ere, ez dira ez inolaz ere lege hausle bakarrak. Arestian aipatu ditugun irrati piratetatik haratago, irrati estatelek eta udal irratiek ere, adibidez, legea apurtzen dute, beste emisio batzuen frekuentziak interferitzen baitituzte. Horren adibideak, bat baino gehiago dira Euskal Herrian, baina bat hartzearren, Tolosaldeko Txolarre Irrati Librearen frekuentzian EITB irrati publikoak interferitzen duela aipatu genezake. Legalitatearen inguruan atera dezakegun ondorio nagusira hurbiltzen hastera goaz. Teorian, eta teorian diogu gaur egun praktikan ematen ez delako, Irrati Libreak lege-hausleak diren heinean, isuna ordaintzera behartuta daude. Ez gainera nola nahiko diru zigorrak: Emititzen badute, hirurogei mila euroko isuna ordaindu beharko lukete, eta emititu ezean, hamar aldiz gutxiago, hau da, miloi bat. Baina zorionez, hau ez da horrela ematen; Honen arrazoietako bat, legeak onartzen dituen irratiek ere, lehen aipatu bezala, arauak hausten dituztela litzateke. Hala eta guztiz ere, irrati askeen alor honetan mugitzen direnak ez dira ez hain lasai egongo, izan ere, mehatxupean bizi dira eta horrek baldintzatu egiten du, irrati mota hauen eta nola ez, honekin batera huinen bidez trasmititu nahi duten kultura alternatiboaren, kontrainformazioaren eta azken batean balore jakin batzuen garapena.