1982 Eusko Legebiltzarrak EITBko sorrera-legea onartu zuen aho batez. Gauzak horrela, euskal komunikazio taldearen telebista zerbitzu publikoa bi kanal desberdinetan banandu zuten: ETB1 (euskarazkoa) eta ETB2 (gaztelerazkoa). Nahiz eta lehenengo katea arinago jarri martxan, laster bigarrenak protagonismo absolutua bereganatu zuen. Aipatu beharra dago, zatiketa administratiboa dela eta, komunikazio talde hau teorian Euskal Autonomia Erkidegoari dagokiola bakar-bakarrik. Hala ere, Euskal Herriaren lurraldetasuna kontuan hartuta, ETBk Iparralde eta Nafarroako biztanleei zuzendutako saio jakin batzuk emititzen ditu.