Irratiko azpisektorearen errealitatea Euskal Autonomia Erkidegoan, bereizita aztertzeari ekin aurretik, ezinbestekoa gertatzen da Euskal Irrati Telebista (EITB) ente publikoari buruzko aipamen bat egitea, bera baita ikus-entzunezkoen euskal sektorean, oro har, eta bereziki irrati eta telebistako azpisektorean dagoen agente edo eragile nagusia. Gaur egun, EITBk sortzen du ikus-entzunezko zerbitzuen euskal sektoreko enpleguaren ia laurdena, eta sektorean duen zuzeneko partaidetzaz gain, ikus-entzunezko euskal enpresa gehienen bezero nagusi -eta sarritan bakarra- bezala duen bere papera nabarmendu behar da. Alderdi honekin lotuta, azpimarratzea merezi du 2002. urtean EITBren eta IBAIAren (Euskal Herriko Ekoizle Independenteen Elkartearen) artean sinatutako hitzarmena: horren bidez lehenengoak ikus-entzunezko euskal produkzioak eskuratu edo erosiko ditu, eta helburu horrekin 27,1 milioi euroko partida bat esleitzen du (hiru ekitalditan zehar banatzekoa).
EAEn irrati-jardueretara lotua dagoen egitura enpresarialaren eta enpleguaren eboluzioaren azterketak ere garapen nabarmena erakusten du begietsitako epealdi horretan. Zehazkiago esateko, 1994-2001 urteen artean, bi adierazle horiek % 22 inguruko gorakadak eduki dituzte, eta gaur egun 50 establezimendu eta 850 lanpostu inguru estimatzen dira sektorean (horietatik irrati publikoek % 18 eta % 50 hartuko lukete beraientzat, hurrenez hurren).