Telebista: Irudia eta soinua aldi berean igortzea eta erreproduzitzea ahalbidetzen duen sistema, uhin elektromagnetiko bidez nahiz kablez igorritako korronte elektrikoen bidez gauzatzen dena. Funtzionamendua: Telebista-irudi eta -soinuak kamera baten bidez hartzen dira. Telebista-aparatuak uhin elektromagnetikoen edota korronte elektrikoaren bitartez igorritako irudi (bideo-seinaleak) eta soinuak (audio-seinaleak) berregiten ditu. Uhin elektromagnetikoak antenen bidez ailegatzen dira telebistetara; gaur egun kable-bidezko sistema ere asko hedatu da. Seinaleak nahikoa ahul iristen direnez, anplifikatu egiten dira. Ondoren demodulazioa dator: audio-seinalea bozgorailuetara bideratuko da eta seinale elektrikoa akustiko bihurtuko da (soinua); bideo-seinalea izpi katodikoen hodira bideratzen da eta seinale elektriko izatetik pantailan ikusten dugun irudia izatera igaroko da. Pantailan ikusten dugun irudi bakoitza lerroz lerro osatzen da oso denbora laburrean (lerro-kopurua eta irudi-maiztasuna aldatu egiten da sistema batetik bestera; Europakoak 625 lerro eta 25 irudi segundoko eta EEBBetakoak 525 lerro eta 30 irudi segundoko erabiltzen dituzte). Kanoira iristen diren seinale elektrikoen arabera, elektroi-izpiak pantailarantz ateratzen dira; horiek lehen lerroko lehen pixela edo irudi-elementua arakatzen hasten dira (lerro bakoitiak arakatzen dira lehenik eta gero bikoitiak). Lerro-amaiera bakoitzean tentsio elektrikoa zerora jaisten da -kanoiak ez du elektroi-izpirik jaurtitzen- eta lerro-taupada sinkronikoa sortzen da. Bitartean, elektroi-izpia hurrengo lerroan kokatzen da berriro hasteko elektroi-kargarik galdu gabe. Lerro bakoiti guztiek irudi-alor bat osatzen dute; alor osoa sinkronikoki arakatu eta gero, prozesua berriro hasiko da lerro bikoitiek osatzen duten irudi-alorrarekin; amaitutakoan, irudia guk ikusteko moduan agertuko da. Koloretako telebistari dagokionean, barne-mekanismoak zertxobait aldatzen dira. Izpi katodikoentzat hiru kanoi daude (kolore gorri, berde eta urdinarenak, hain zuzen). Bideo-seinalea antenatik sartzen denean bitan banatuko da: hiru koloreen informazioa daraman eramaile kromatikoa eta kolorearen argitasuna daraman luminantzi uhina. Uhinak seinale elektriko bihurtu eta matrizean hiru koloreek eta luminantziak bat egin ondoren, kolore bakoitza bere kanoira bideratuko da. Ondoren, kolore bakoitzari dagokion elektroi-izpiak pantailaren atzean dagoen sarea arakatuko du. Sare hori zulotxoz josia dago eta horietatik igaroko diren izpiek puntuz osaturiko mosaikoaren kontra joko dute, kolore egokia argituz. Beraz, bereizita dauden hiru irudi monokromatiko agertzen dira pantailan; baina, irudi-puntuen hurbiltasuna dela eta, ikusleak irudi polikromatiko bakar bat hautemango du. 1980.eko hamarkadaz gero, ikerketa-lanak bereizmen handiko telebistetarako sistemak doitzera bideratu dira. Horiek 1.000 lerroko irudiak eta lerroko 1.000 puntu baino gehiago, eta formatu zinematografikoa dute.