Sorrera EITBren beharra planteatu zen arte, euskarak leku eskasa izan zuen telebistan, bai Frantziako telebista ofizialean, bai Espainiako telebistan. 70eko hamarkadan sortu ziren Espainiako TVEko gune erregionalak, egunero deskonexio laburra eta ekoizpen propioa egiten zutena. 1975ean Bilbon kokatu zen Euskal Herriko zentrua, eta Telenorte albistegiaren barruan, astero, euskarazko saio bat egin zen bi urtez, 1977 arte: Euskalerria zuen izena eta arduraduna Jose Mari Iriondo zen. Saio hori desagertu zenetik, euskararen presentzia oso urria izan da TVEn, minutu batzuk baino ez titularrak irakurtzeko erdarazko albistegietan. Hurrengo urtean, 1978an alegia, Euskal Zinegileen Elkarteak euskal telebista autonomo bat proposatu zuen. Telebista elebidun bat zen. Lehenago ba omen zegoen beste egitasmo bat, 1974an Gipuzkoako Foru Aldundiak TVEri luzatu ziona Hondarribian zentru igorlea jartzeko, eta horrek etekinik eman ez zuenez, 1977an lantalde bat osatu zuen (hor atzean Manu Oñatibia, Joseba Intxausti, Jose Mari Etxebeste, Jose Mari Iriondo, Juan Jose Azurza besteak beste) euskarazko telebista sortzeko, ETV deiturikoa. 1979an Eusko Kontseilu Nagusiak idazkaritza bat eratu zuen euskal telebistaren arazoa aztertzeko. Estatutoa abian da dagoeneko, eta bertan badago telebistari buruzko aipamenik. Gainontzeko autonomietan gertatu ez bezala, hemen bertako telebista ez da Estatuko hirugarren kanala, baizik eta kanal berezkoa. Kultur sailburua zen Ramón Labaienek eta RTVEko orduko zuzendari orokorra zen Arias Salgadok akordio bat sinatu zuen 1980ko urriaren 3an telebista-sarea Euskal Herrian zabaltzeko eta Telenorteko programazioan eguneroko euskarazko albistegi bat emititzeko. 1982an Eusko Jaurlaritzaren egitasmoak irratia eta telebista funtsezko helburutzat hartzen ditu, batez ere euskara zabaltzeko. Urte hartako apirilaren 20an lege-egitasmoa argitaratu zen. Euskara hedatzea eta bultzatzea da zerbitzu publiko honen helburu nagusietako bat. Carlos Garaikoetxea lehendakariak 5/1982 Legea sinatzen du Euskal Irrati Telebista Herri Erakundea sortzeko, eta uztailean 157/1982 dekretuak Euskal Telebista sozietatea eratzen du. Garapena Euskal Telebista. 1983an hasi ziren lehen emisioak, ehun bat langileren eskutik. Luis Iriondok jaso zuen zuzendaritza. Euskara hutsezko telebista bat eratu zen hasieran. Urte hori esperimentaltzat hartu zen, eta gauzak azkar-azkar egin ziren, irregularki, presaka. Hasieran bi ordu eta erdi egunero: marrazki bizidunak, dokumentalak, luzemetraiak eta albistegiak. Abendurako kirolak - erretransmisioak barne - hauteskundeen berri eta elizkizunak eskaintzen ziren (40 ordu astero). Gaur egun ikus daitekeen albistegia eratu zen: Teleberri. Durangon ezarri zen egoitza, eta Alemaniako Studio Hamburg Media Consult International delakoaren laguntza tekniko-profesionala izan zuen. 1984an proiektua gihartuz joan zen. Berezko ekoizpena handitzeko beharra ikusten zen. Langilegoa ere handitu behar zen, eta urte hartan 220 pertsona zeuden ETBn lanean. ETBko balizko ikusleak 509.500 lagun ziren. Lan gorabehera batzuekin, eta Euzko Alderdi Jeltzalearen barruko arazoak tartean (1985ean Garaikoetxearen ordez José Antonio Ardanzak izendatzen du EAJk lehendakari berria), ETBn ere aldaketak gertatzen dira. Zuzendaria zen Andoni Areizagaren ordez José María Gorordo izendatzen dute. Haren ustez, elebitasuna errespetatu behar zen, baina euskara hutsezko kanala ere mantendu behar zen. Orduan, erdara hutsezko beste kate bat sortzea proposatu zuen. Bat-batean egin zen hori 1986ko maiatzaren 31n. Gorordoren ondoren Josu Ortuondo izan zen ETBko zuzendaria. Apostua, argi eta garbi, batez ere erdarazko katean, komertzialitatearen aldekoa izan da, gainontzeko telebista ofizialetan bezalaxe, batez ere kate ofizialek monopolioa galdu eta enpresa pribatuak emititzen hasi zirenean (hiru Espainian: Tele5, Antena 3 eta Canal+). 1991tik aurrera Iñaki Zarraoak zuzendu du ETB. Bere zuzendaritzapean eredua ezarri da: bi kate, bat euskara hutsezkoa, bestea erdara hutsezkoa, komertzialitatea, gero eta produkzio propio gehiago (hor dago Goenkale programaren arrakasta), audientziaren estabilizazioa, nahiz eta telebista publikoak sortu (batez ere ETB-1, euskarazko katea, konpetentziarik ez duelako, tokian tokiko telebistena izan ezik), eta aurrekontu publikoekiko menpekotasuna: EITBK Kultur sailaren aurrekontu gehiena eskuratzen du, eta horrek ere kritika latzak sortu ditu.