Zertan da telebista digitala? Telebistaren etorkizunari dagokionez, 1996az geroztik hainbat txosten eta ikerketa argitaratu da. Guztien ondorioa: digitalizaziorako pausoa saihestezina da. Abantailak asko izango dira: programa gehiago, zerbitzu interaktiboak, soinu- eta irudi-kalitate hobea... Gainera, sistema digitalak, konprimitzeko programa informatikoei esker, sistema analogikoak baino askoz espazio hertziar gutxiago hartzen du. Irudia ez da puntuka transmititzen, tonu uniformeko poligonoka baizik eta, gainera, irudi batetik bestera aldatzen den informazioa soilik transmititzen da. Ondorioz, sateliteen transmisiorako kapazitatea 8 edo 10 aldiz handitzen da. Horrela irabazten den lekuari esker, lurreko kanal analogiko bakoitzak hartzen duen tartean 4-7 kanal digital sar daitezke, eta gaur egun dagoen saturazioa gainditu. Nola gauzatuko da, ordea, sistema analogikotik digitalerako urratsa? Gaur egun, etxeko telebista-hargailuak eta bideoko magnetoskopioak ez daude emisio digitalak jasotzeko prestaturik. Beraz, oraingo telebista-hargailu analogikoei gehitu egingo zaizkie deskodetzaileak. Deskodetzaile horiek gehienbat seinale digitala jaso, erakusteko baimena duela ziurtatu eta telebistari seinalea era analogikoan helarazteaz arduratuko dira. Deskodetzaile horien bidez, Internetera sartzeko aukera ere izango da eta, horrela, telebistak orain arte eskaintzen ez zituen zerbitzu ugari eskainiko ditu. Zerbitzu horiek guztiek telebista ikusteko ohiturak aldatuko dituzte eta telebista interaktiboagoa sortuko da. Esaterako, zuzenean parte hartu ahal izango da telebista programetan, futbol-partidetako jokaldiak nahi den angelutik ikusi ahal izango dira, filma jatorrizko hizkuntzan ikusteko aukera egongo da, etab. ETBren digitalizazioari dagokionez, Lontxo Sainzek EITBko komunikazio-arduradunak esan duenez, 2007rako ETB erabat digitalizatuta egongo da.