Gaur egun iparrean Iparrean. Esan bezala, 80ko hamarkadan Frantziako legediaren liberalizazioak tokian tokiko irratien sormena ekarri zuen. Horien artean, Euskal Herriko batzuk, eta horien artean ere, euskarazkoak. 1981ean, zehazki, tokian tokiko irrati pribatuak sortu ziren, gero batzuk desagertu dira eta kopurua orekatu da. Dozena bat irrati daude Ipar Euskal Herrian. Euskarazko garrantzitsuenak Baionako Gure Irratia, Mauleko Xiberoko Botza, Donibane Garaziko Irulegi Irratia FM (1982an sortua) eta Mauleko Mendililia. Lehenengo hiruek badute zenbait irratsaio komun, eta zenbait gauzatan elkarlanean aritzen dira. Baionako Gure Irratiak, gainera, badu akordio bat Euskadi Irratiarekin. Hau da euskaraz denbora gehien emititzen duen emisora, dena euskaraz. Irulegi Irratiak %90 eta Xiberoko Botza %70. Entzuleei dagokienez, dexente dute irrati hauek. Gure Irratiak, adibidez, 24.000 zituen 1996an. Gorabehera guztiekin, mantendu izan dira. Irrati hau, adibidez, bi langilerekin aritu zen denbora batean (Xipri Arbelbide eta Mattin Larzabal). Finantzaketan ere gorabeherak izan dira, hala ere gaur egun Frantziako Gobernuak eta Departamenduak dirulaguntzak ematen dituzte, udalek ere bai.