Hasierako irratia Euskal Herriko lehen irratia. 1925eko irailaren 29an Radio San Sebastián-ek bere emisioak aireratzen hasi zen. Hura izango zen euskarazko lehenengo irratsaioak emitituko zituen irratia, 1925etik bertatik eta Gerra iritsi arte. Sortzaile nagusia Sabino Uzelaieta Donostiako orduko alkateordea izan zen. Udalak turismoa bultzatzeko irrati bat jartzeko ideiari ezetza eman ondoren, baimen bat lortu zuen eta EAJ-6 irratia, Radio San Sebastián, eraiki zuen Igeldon (Garitaonandia, 1988: 34). Harrera ezin hobea izan zuen garai hartako euskarazko aldizkariak egiten zutenen artean, eta bereziki Argiakoek ederki goraipatu zuten, eta astekariko bertako bi idazlek izugarrizko lana egin zuten irratian, geroxeago ikusiko dugun bezala. Argian irratiari eginiko harrera harrigarri samarra izan zen hasieran, beste komunikabide berri batzuei egindakoa ez baitzen hain ona. Esate baterako, zinemari egindakoa: Euzkadi filme propagandista egin zen arte, Argiakoen iritzia zinemaren aurkakoa zen, agian hemengo zinema-industria ahulak ez zuelako esperantza handirik eskaintzen, eta Euskal Herrian ikusten ziren pelikuletan atzerriko ohiturak erakusten zirelako. Ez zen batere arraroa haien jarrera: kirolekin ere antzekoa erakutsi zuten. Beraientzat, atzerritik zetorren guztia arriskutsua zen, bere irakurleak ere aldatzeko arriskuan zeudelako. Baina irratiarekin ez zen horrelakorik gertatu. Argiakoek ikusi zuten herriarengandik hurbileko komunikabide bat bezala, nekazariei euskaraz hitz egiteko txit egokia. Radio San Sebastián hasi zenez geroztik, lehentxeago esan bezala, euskarazko irratsaioren bat emititzen hasi zen. Zergatik sentitzen zuten Argiakoek hainbesterainoko interesa? Arrazoi batzuengatik. Lehena, euskara zabaltzeko bide bikaina iruditzen zitzaielako. Euskal irratiaren ezaugarriak. Garai hartako programazio ia osoa musikala zen. Erlijioak ere garrantzi handia zuen. Euskaltzaleek ere irratiak izan zezakeen garrantzia, euskara ezezik katolikotasuna ere zabaltzeko, ikusi zuten. Hirukote ideologiko honetan falta den osagaiaz ere mintzo ziren, noski: euskara eta fedea aipatuta, nekazaritza bakarrik falta zen. Nekazariei behar ainako begirunea eta arreta zor zitzaioela zioten eta Radio San Sebastián-en arduradunei baserritarrentzako irratsaioak ere aireratzen eskatu zieten. Esan dezakegu Argiakoek bilatu zutela asmakizun berrirako izena. Nabarriztarrak berak adierazten zuen nondik zetorren irratiari buruzko hitzak: Irratizkiña zer dan? Ara, esango dizut, ene irakurle. Irratizkiña, erderaz radio emisora, ari-gabeko urrutizkiña dezu. Nik asmatua danik ez uste, ordea; ezta berri-berria danik ere; 1916'g. urtetik ona Lopez Mendizabal'dar Ixaka'ren iztegiak 653'garren orrialdean irratizkin radiografia edo marconigrafia dala idatzita dago-ta. Radio euskeraz esateko asmatu ere ezin diteke itz egokiagorik; nekazariak ezia irran ereiten dun bezela, irratizkiña ere itza irran alde guzietara zabaltzen bai du (Argia, 1925eko urriak 4, 233. zenbakia). Euskaldun askorentzat gauza berria ezezik harrigarria ere bazen euskaraz irratiaren bidez entzutea. Dirudienez, donostiarrek eta ingurukoek (tolosarrek, esate baterako), arreta handiz entzuten zituzten irratsaioak. Euskaldunen aurreko esperientziak, garai hartan ume koskor ziren batzuen lekuko izanik, Londresko BBC irratia entzutekoak ziren. Baten batek gogoratzen du nola bere aitonak behin esan zuen Ingalaterrako hiriburuko kanpandorrea entzun zuen berunarria edo galenazko irrati haietako batean. Aldi berean, Donostiako irratia kalitate handikoa omen zen, Carmelo Garitaonandiak azpimarratzen duenez (Garitaonandia, 1988: 34). Radio San Sebastián-ek euskarazko irratsaioak emititzen jarraitu zuen. Agian gogoratuena Argian idatzi ohi zuten Andres Arzelus Luzearrek eta Joseba Zubimendik 1932tik egiteari ekin ziotena da. Astero aireratzen zen programa hura. Dirudienez, Arzelusek eta Zubimendik pezeta bat ere kobratu gabe egiten zuten. Zoritxarrez, ez dugu irratsaio haien testurik ezagutzen; are gutxiago, noski, grabaketarik.