1950ko hamarkada BBCko eta Radio Franceko euskal irratsaioak. Ikusi ditugu iadanik B.B.C.ko euskarazko irratsaioak, Gotzon Urrutiak eginak eta Alderdi aldizkarian argitaratuak. Radio Francek, aldiz, ez zuen euskarazko irratsaiorik emitituko 50eko hamarkadara arte. 1958an behintzat, Paristik bi irratsaio aideratu ziren, Hipolito Irigoyen eta Pedro Aranburu jeneralari buruzkoak (biak Argentinako presidenteak izan ziren). Buenos Airesko Tierra Vasca aldizkarian transkribituta daude, "Euskera" izeneko atalean, 1958ko irailaren 15ean eta azaroaren 15ean. Euzkadi Irratia. Aipatu ditugu Euzkadi Irratiko saioak, Parisko Euzko Deyan argitaratuak. Euzkadi Irratia 1947an sortu zen, Eusko Jaurlaritzaren bultzadaz, eta 1950ean egunero bi aldiz behintzat bere irratsaioak, erdarazkoak zein euskarazkoak, aireratzen zituen. Zortzi urtez Paristik Euzko Jaurlaritzak Donibane Lohitzunera bidaltzen zuen boletina irakurtzen zuten. Horretaz aparte, gero Euzko Jaurlaritzaren informazio eta propaganda arduradun bihurtuko zen Jose Rezolak iruzkin batzuk idazten zituen. Guztira, ordu erdi egunero, horietatik lau minutu euskaraz. Euskarazko irratsaio askoren testua ezagutzen dugu Euzko-Deyaren gehigarriari esker, zenbaki guztietan argitaratzen baitzuten. Urte hartan sortzen da Euzkadi-Irratiaren izparringija edo berripapera argitaratzeko asmoa, "euzkel-irratikixunak bertan jarri ta euzkeldun guztijak jakin-erazoteko, Euzkadi-barruko euzkaldunai" (Euzko-Deya, 1950eko martxoak 15, 321. zenbakia, 12. orrialdea). Guk dakigunez behintzat, ez zen inoiz boletin hori argitaratu, eta euskarazko testuak, esan bezala, Euzko-Deyan agertzen ziren. 1954an, Mitterrand Barne-Ministroa zelarik, Mugerreko Euzkadi Irratiaren egoitza itxi egin zuen Frantziako Gobernuak, Francoren presioak zirela eta. Gipuzkoako irratietako programak: La Voz de Guipúzcoa eta Radio San Sebastián. 50eko hamarkadako azken egunetan hasi ziren Donostiako La Voz de Guipœzcoatik irratsaioak aireratzen. Radio San Sebastiánek ere zenbait gauza euskaraz egiten zuen. 1958an, esate baterako, larunbatero, arratsaldeko 8etatik 8,30etara nekazaritzari buruzko irratsaio bat emititzen zuen. La Voz de Guipúzcoak, bere aldetik, astelehenero eta ostiralero aireratzen zuen euskal irratsaioa. Han zebiltzan Maria Dolores Agirre, Manu Oñatibia eta Inazio Eizmendi Basarri, besteak beste. Hiru ordu laurdeneko programak izaten ziren, arratsaldeto 8,15etatik 9etara. Igandeetan Baionatik meza transmititzen zen, frantsesez, predikua edo pronua aldiz euskaraz. Radio San Sebastián-ek, Gerra ondoren ere euskal saio batzuk egin zituenak, Arantzazuko Meza ere aireratu ohi zuen. Tolosan ere, Nemezio Etxanizek dioenez (Zeruko Argia, 1958ko uztaila, 55. zenbakia, 120. orrialdea), astean hiru aldiz zerbait euskaraz egiten zuten. Bertan Izaskun Ugarte euskal hizlaria zen. Astearteetan, ostegunetan eta larunbatetan egiten ziren irratsaio horiek, ordubietatik ordubi eta laurdenera (laurdeneko irratsaioak, beraz). Gipuzkoako irrati berriak: Arrate Irratia eta Segura Irratia. Eibarren Arrate Irratia lanean hasia zen, hango apaizei esker, eta Segura Irratia ere bai. Segura Irratia hango apaiza zen Zesareo Elgarretak antolatu zuen, 1958an: "Makiñabat euskal-abesti eder jarri dituzte, baita bertako apaizgaiak eta egindako bertso berri jator askoak ere (...)" (Aranzazu, 1957, 93. orrialdea). Seguratik aireratutako irratsaioak Eskoriatzaraino, Loiolaraino, Alegiaraino, Orendain eta Leintz-Gatzagaraino iristen ziren. Radio Vitoriako euskal irratsaioak. Azkenik, Gasteizen bazegoen euskal irratsaiorik. Radio Vitorian Andoni Urrestarazu zenak astean hirutan euskara eskolak ematen zituen, astelehenetan, asteazkenetan eta ostiralaten, arratsaldeko sei eta erdietatik zazpietara.