1960ko hamarkadan iparrean Irratia Iparrean. Frantziako estatua oso zentralista denez, Iparreko euskaldunen komunikabideak, batez ere ikusentzunezkoak, Hegokoenak baino askoz urriagoak izan dira. Askotan euskarazko irratsaioak folkloriko samarrak izan dira. Adibidez, 1961ean Radio Côte Basquen (Radio Franceren barruan) hasi zen igandeetan zenbait minutu euskarari eskaintzen, udan. Urte hartan bertan Enbatakoek euskaraz arituko zen irrati bat eskatu zuten (Arbelbide 1996: 101). Eskualtzaleen Biltzarrak ere 800 sinadura bildu zituen haren alde, baina alferrik. 1981ean, François Mitterranden sozialistak boterera ailegatu zirenean, egunero ordu laurden eta igandeetan ordubete eman zitzaion euskarari. 1971ean Bordele-Akitaniako ORTF emisorak euskarazko irratsio bat eman zuen, Maite Barnetchek aurkezten zuena. Radio Pays Basquek, bestalde, egunero zenbait minutu ematen ditu euskaraz 1984. urteaz geroztik, Radio Francen nolabaiteko deszentralizazio bat gertatu ondoren. Baionatik ere, gaur egun, eguneroko irratsaio bat aireratzen da euskaraz. Hala ere, fenomeno inportanteena tokian tokiko irratien sormena izan da 80eko hamarkadan, hurrengo beste atal batean ikusiko dugun bezala.