HEGOALDEAN: Tokian tokiko aldizkarien mugimenduekin batera, eta askotan haien eskutik ere, sortu dira hainbat irrati Euskal Herriko herrietan, batzuetan udalak lagunduak edo sortuak, beste batzuetan kultur edo euskararen inguruko elkarteak sortuak. Hor dugu, adibidez, Arrasate Irratiaren kasua, Arrasate Press aldizkariarekin eta Arrasate Telebistarekin batera herri hartako euskal komunikabideen panorama osatzen duena. Beste batzuetan gazte talde batek sortu du irratia, adibidez Bergarako Txapa Irratia. Kasu guztietan, merke samarra izaten da irrati bat antolatzea, kostuak aldizkari batenak edo telebista batenak baino askoz baxuagoak izaten dira, horregatik nonahi loratu dira horrelako komunikabideak. Eskulana ere badago, bertako jendea prest izaten delako irratian parte hartzeko, gainera gero eta gehiago dira herri guztietako kazetariak edo kazetaritza-ikasleak. Komunikabide hauek jendearengandik gertu daude, eta euskalkia zein herriko hizkera erabiltzen da. Euskalki ezberdinek bere lekua badute irratian, hala nola Oņatiko bizkaiera Oņati Irratian, Eibarkoa Onda Ceroren eta ...eta kitto! aldizkariaren artean egindako akordioaren arabera egiten ziren irratsaioetan eta, jakina, Arrate Irratian, orain ere lanean diharduen Segura Irratian Goierriko gipuzkera, eta bestelako gipuzkerak Loiolako zein Donostiako Herri Irratian (euskara hutsez Loiolan, askoz gutxiago Donostian). Nafarroan Aralar Irratia (Lekunberri, Larraun, Araitz eta Betelu eskualdukoa), Irati Irratia (Aezkoan, Auritzen eta Erron), Karrape Irratia (Leitzan) eta batez ere Iruņeako Euskalerria Irratia, euskara hutsezkoa, Mikel Bujandak zuzendua eta 900 bazkidek sostengatua. Irrati libreak ere badaude, Txantreako Irratia adibidez. Bestelako emisora komertzialetan, bakarrik noizbehinka egiten zuen euskal irratsaioren bat Iruņeako SER irratian Javier Pagolak. Irrati ez komertzial edo libreen artean euskarazkorik ere badago: Bilboko San Ignacio auzoko Gramola Irratia (1981), Bilboko Txomin Barullo Irratia, Iluna Irratia, Otxasko Irratia, Ortzadar Irratia, Sestaoko Karibe Irratia, Algortako Bost Axola Irratia, Barakaldoko Zirika Irratia, Bermeoko Itsuki Irratia, Durangoko Aldaba Irratia, Gernikako Betekada Irratia, Gasteizko Hala Bedi Irratia, Arabako Errioxako Basterra Irratia, Donostiako Txantxangorri Irratia, Azkoitiako Kakaflash Irratia, guztiak 80ko hamarkadan. Beste batzuk: Bilboko Irola Irratia eta Tas Tas Irratia, Ondarroako Radixu, Elgoibarko Zazpiki, Bergarako Txapa, Errenteriako Zintzilik, Hernaniko Molotoff, Iruņeako Eguzki.