ETBren hasiera: EITBren beharra planteatu zen arte, euskarak leku eskasa izan zuen telebistan, bai Frantziako telebista ofizialean, bai Espainiako telebistan. 70eko hamarkadan sortu ziren Espainiako TVEko gune erregionalak, egunero deskonexio laburra eta ekoizpen propioa egiten zutena. 1975ean Bilbon kokatu zen Euskal Herriko zentrua, eta Telenorte albistegiaren barruan, astero, euskarazko saio bat egin zen bi urtez, 1977 arte: Euskalerria zuen izena eta arduraduna Jose Mari Iriondo zen. Noizbehinka, ahal zuten heinean - baldintza profesional ez omen ziren onenak izan - lanen bat egin zuten Manu Oņatibiak, Joan Mari Iraolagoitiak, Xabier Kintanak, Jose Mari Etxebestek, Jose Mari Oterminek eta Anjel Unzuetak. Saio hori desagertu zenetik, euskararen presentzia oso urria izan da TVEn, minutu batzuk baino ez titularrak irakurtzeko erdarazko albistegietan. Hurrengo urtean, 1978an alegia, Euskal Zinegileen Elkarteak euskal telebista autonomo bat proposatu zuen. Telebista elebidun bat zen. Lehenago ba omen zegoen beste egitasmo bat, 1974an Gipuzkoako Foru Aldundiak TVEri luzatu ziona Hondarribian zentru igorlea jartzeko, eta horrek etekinik eman ez zuenez, 1977an lantalde bat osatu zuen (hor atzean Manu Oņatibia, Joseba Intxausti, Jose Mari Etxebeste, Jose Mari Iriondo, Juan Jose Azurza besteak beste) euskarazko telebista sortzeko, ETV deiturikoa. Gero erbesteko Euzkadi Irratian aritu zuen eta Eusko Kontseilu Nagusian (1979-1980) eta Eusko Jaurlaritzan (1980-1982) giza-komunikabideen zuzendaria izan zen Juan Jose Azurzak proposatutako plangintza etorri zen (Torrealdai, 1985: 16-20).