Euskaldunon Egunkaria 1990eko maiatzean sortu zen. Dirua lortu behar zen, eta horretarako Euskal Herriko hiri zein herri guztietan kanpaina bat antolatu zuten. Bost mila pezetatik milioi erdiko pezetarako akzioak eskura zitezkeen. Laster 160 milioi pezeta lortu ziren. 1990eko abenduaren 6an, azkenik, aurrikuspen guztien aurka, kaleratu zen lehen aldiz Euskaldunon Egunkaria. Bazekiten tirabirak zeudela erakundeekin, batez ere Eusko Jaurlaritzarekin, eta dirulaguntzarik gabe gelditu behar zirela lehen garaietan behintzat. Hasiera hasieratik beren mugak zeintzuk ziren bazekiten: ezin zuten inprimategi propiorik eduki eta horrek ixteko ordua aurreratu behar zuen; langilego murritza eta soldata nahiko baxuak ezarri behar ziren; igandeetan lana egitea ezinezkoa zen arrazoi ekonomikoengatik eta astelehenetan egunkaria ez zen kaleratuko; eta, euskarazko egunkari bakarra izanik, enpresak ez zuen izango editorialik. Zuzendaria Pello Zubiria izan zen, eta Administrazio Kontseiluko presidentea Martin Ugalde. Hasieran zuri-beltzean inprimatu zen, baina 1995ean diseinu aldaketak gertatu ziren - orduan zuzendaria, Iņaki Uria denbora laburrean aritu ondoren, Martxelo Otamendi zen -, eta kolorea sartu zen. Mamian ere zenbait gauza aldatu ziren, dena barruan egina, kanpoko enpresik aritu gabe, Garbiņe Ubedaren gidaritzapean. Pronostiko guztien aurka, Euskaldunon Egunkaria, lehiakiderik gabe, finkatu zen nolabait, eta urteak betetzen joan zen. Irakurle-erosleen kopurua ere orekatu zen, estilo-liburua argitaratu zen eta egitasmoan azaldutako ezaugarriak, nola edo hala, bete ziren. Baina,Egunkariaren egunak bukatu ziren,Del Olmo epaileak Egunkaria itxi zuen bertako hainbat langile,zuzendaria euren artean,atxilotuz.Hau 2003ko otsailaren 20an gertatu zen.Atxilotuek,torturak salatu zituzten eta euskal gizartea kalera irten zen euskera hutsezko egunkariaren alde."Egunero"izan zen Egunkariaren ordezko denboraldi batez,Andoainen,itxitako egunkariko kazetariek lanean jarraitzen zutelarik.Ekainaren 21ean, behin betirako ordezkaria lortu zuen; Berria.Dirua lortzeko akzioak Euskal Herri osoan saltzea lortu dute.