Antxeta irratiak Espainia eta Frantzia banatzen dituen mugaz gaindi zabaltzen ditu bere uhinak, orain dela urte eta erditik. Irrati gazte honek eskualde berezi honen elkar ezagutza bultzatzea du helburu, gizarte gaiak baztertu gabe. Baionako Gure Irratiaren 20. urteurrenean sortu zen Antxeta irratiaren proiektua baina lehengo emisioak orain dela urte eta erditik daude martxan. Egun, Gure Irratiaren seme edo alaba honen egoitza Hendaian dago, "Boulevard de Gaulle" izeneko etorbidean, 80 metro karratu dituen lokal batean. Handik zabaltzen dituzte uhinak lau haizetara. Batetik, lehenengo helburua eskualde bereziko batasuna bermatzea da helburua. Gipuzkoa eta Lapurdi elkartzeaz gain, Espainia eta Frantziako zatiketa administratiboa pairatzen du eskualdeak eta horrek herrien arteko ezagutza falta dakar ezinbestean. Antxetaren bidez, Hendaiako herritarren bizipenak eskaintzen dizkiete Hondarribiarrei eta Irundarrenak, aldiz, Biriatuko bizilagunei. Beraz, helburueariko bat ezagutza bermatzea da. Baina helburu nagusia uhinen bidez euskara bultzatzea da. Antxeta irratia Irun, Hondarribia, Hendaia, Pausu eta Biriatun entzuten da baina hala ere, Gure Irratiaren zati direnez bortz orduko emisioa bukatzerakoan haiekin bat egiten dute. Era horretan, programa batzuk Xiberoko boza, Irulegi irratia eta Gure Irratiaren bidez Ipar Euskal Herri guztira zabaltzen dira. Antxeta irratian gizarte gaiek duten garrantzi berezia azpimarratu behar da. Ezagutza zabaltzeko gizarte arazoen inguruan hausnartzea ezinbestekoa baita. Antxeta irratia sortu zenetik hiru langile daude irratian baina laguntzaile kopurua aunitz haunditu da epe horretan.