Zarata Irratia: Iruñeko irratia da, San Jorge auzokoa hain zuzen ere. Zarata Irratiak, Eate eta Zuen irratiek, Eguzkirekin eta Radio Paraíso zelakoarekin batera, Iruñeko Irrati Libreen Koordinakundea sortu zuten. Elkarte horren helburua besteak beste, itxieren eta poliziaren konfiskazioen aurrean protesta antolatua burutzea zen, eta elkarlana bultzatzea ere bai. Baina hori ez zen izan irrati askeek batera aritzeko egin zuten saio bakarra. Hasieratik, elkarrekin egiteko beharra aurreikusi zuten emisora horiek. Beraz, 1985ean, Irrati Askeen Lehenengo Topaketa Nazionala burutu zen Zarautzen. Euskal Herriko emisoren ordezkariek parte hartu zuten bertan, eta besteak beste, irrati askeen koordinadora osatzeko lehengo pausoak eman ziren. Garai horretan, informazio-agentzia alternatiboa egiteko ideia ere sortu zen irrati askeren inguruan.