Bierrik elkartea eta euskarazko herri komunikabideak Sakanan Orain dela 7 urte Guaixe Sakanako hilabetekariaren zero zenbakia kaleratu genuen. 90. hamarkadaren hasieran, herri komunikabideen gaia pil-pilean zegoen: Euskal Herriko hainbat eskualde eta herritan barra-barra sortzen ari ziren eta aldizkari eta inprimakiak. Euskarazko komunikabideen alorrari dagokionez, ordea, Sakanan hutsune handia zegoen. Egia esan, Sakanako zenbait herritan baziren noizean behin kaleratzen ziren aldizkariak, esaterako, Lakuntzako 'Aiaupenanik' aldizkaria edota Urdiaingo 'Izkon'; baina, hauetaz landara Sakanako euskaldunek ez zuten herri informazioa euskaraz jasotzeko aukerarik, horrela, hutsunea ikusita, kazetaritza ikasten ari ginen hiru ikasle elkartu eta herri aldizkaria sortzeko proiektua lantzeari ekin genion. Lehengo urratsa aldizkaria beraren izaera eta ezaugarriak zehaztea izan bazen ere, horrekin batera, egitasmoari izaera juridikoa emango zion kultur elkartea sortzea beharrezkoa ikusi genuen. Horrela, eskualdeko euskaltzaleak bilera batera deitu eta bilera horretan bertan egitasmoarekin aurrera egitea erabaki zen. Herri komunikabidearen babeslea Bierrik Elkarte sortu berria izanen zen. 1994ko uda zen. Abenduan, ordea, Guaixeko zero zenbakia kaleratu zuten. Egitasmoa aurrera eramateko Sakanako euskaltzaleen laguntza handia izan da. Izan ere, aldizkariaren inguruan kolaboratzaile eta laguntzaileen sare sendo bat sortu baitzen, eta horiek ezean ezinezkoa litzateke horrelako egitasmo bat aurrera eramatea. Horrela, lanean segitu zuten Sakanan eta euskarazko beste bi komunikabide sortu zituzten: Beleixe irratia eta Oixe kazeta Bierrik elkarteari esker, Sakanako euskaltzaleek doan jasotzen dute Guaixe hilabetekaria beren etxeetan, baina Guaixez landara, beste bi komunikabide bultzatzen ditu elkarte honek: 1999ko udaberrian sortu zen Beleixe irratia eta 2001eko udazkenaz geroztik astero kaleratzen den Oixe kazeta. Beleixe irratiak Etxarri-Aranatzeko Kultur Etxearen beheko gela batean du estudioa. Eta hortik igortzen du FMko 107.0an bere seinalea. Bertan egiten duten saioaz gain, Nafarroako beste bi irratirekin (Aralar eta Esan-Erran irratiekin) 'Sarea' deituriko saio bateratua egiten dute. Elkarlan honek, gainera, Euskal Herri mailako errekonozimendua jaso du, izan ere, hiru irratiek Argia saria jaso zuten eta. Hiru komunikabide hauekin Sakanako euskaltzaleek badute, beraz, euskarazko informazio eguneratua jasotzeko aukera. Publizitatearen alorrari dagokionez euskaraz saldu daitekeela garbi geratu da Sakanan. Izan ere, jorratu gabe zegoen esparrua (euskarazko publizitatearena) gure komunikabideetan etengabe lantzen baita. Publizitateaz gain, Bierrik elkarteak erakunde instituzionalen dirulaguntza jasotzen du, batetik Sakanako Mankomunitatearena eta bestetik Nafarroako Gobernuarena. Horiez gain, autofinantziazioan aurrerapausoak emateko asmoz, hainbat ahalegin egiten dira: bazkide kanpainak, produktuak salgai jarri eta azken urteotan bi euskal txoko abiatu: Etxarri-Aranatzeko Leku-Ona taberna eta Altsasuko Bierrik taberna.