Komunikabide ofizialek isiltzen zutena zabaltzearen helburuarekin, 1984. urtean, Euskal Herrian zehar Irrati Libreak sortzen ari ziren garai haietan, sortutako kolektiboa da Zintzilik Irratia. Zintzilik Irratia Orereta erdialdeko etxe zahar bateko gela batean hasi zen martxan; etxe honetan Alkoholicos Anonimosekoak biltzen ziren hasieran, baina hauek utzi zutenean Oreretako zenbait talde (emakumeak, ekologistak, antimilitaristak...) sartu ziren bertara. Etxea konpontzen nahiko lan egin zuten, baita kalean ere aktibitate pila urte haietan... baina zoritxarrez hamar urte pasata eta teilatua aldatu, ganbara konpondu eta beste hainbat lan egin ostean etxea bera zetorren, eta gainera udaletxeari interesatzen zitzaion alde zaharreko berreraikuntza zela eta, eta honek zero pila suposatzen ditu espekulatzaileen kontutan... gauzak horrela, etxean lan egiten zuten taldeek, (Zintzilik Irratia eta Oreretako Talde Antimilitarista) udalarekin gogor borrokatu behar izan zuten gure lanekin jarraitu ahal izateko erdialdean zuten etxearen truke Herreria bezala ezagutzen zen etxea konpon zezaten. Beraz, 1995. urtean Zintzilik Irratia, Oreretako Talde Antimilitarista eta Herreriako bi biztanleek asko kostatako akordio bat sinatu zuten udalarekin eta Herreriara joan ziren. Egun Herrerian (perratzailearen etxebizitza bezala eraikia izan zena eta garai punkietan okupatutakoa orain hamabost bat urte) eta aldameneko etxean Herreriako biztanletako bat, Herreria ta Zi@ proiektua eta Zintzilik Irratia daude. Etxea denen artean gestionatzen dute, (ez horrela aldameneko etxea). Beheko solairuan irratiko asanbladak, liburu aurkezpenak, bilerak, jaiak eta denborak uzten diena egiten dira. Bertan daude Herreria ta Zi@k antolatutako liburu-denda eta liburutegia (astean bi egunetan irekitzen dute, eta liburuak, fantzineak, boletinak etab... banatzeaz gain kontrainformazio boletina egiteko asmoa ere badute). Goiko solairuan irratia, grabaketa gela eta bulegoa daude. Zintzilik Irratia kolektibo autogestionatua da (ez dute inoiz dirulaguntzetatik bizi izan nahi) eta asanbladaren bidez funtzionatzen du (ostegunero 8etan). Gure emisio eremua Oarso Bailara da, hau da Lezo, Oiartzun, Pasaia (Antxo, Donibane, San Pedro, Trintxerpe), Donostiako ekialdea (Altza, Herrera eta Bidebieta) eta Orereta. 1999. urtetik 24 orduz emititzen dute, zuzenean 5 edo 6 bat ordu arratsalde-gau partean, errepikapenak goizeko 10etatik aurrera eta kuņak eta musika ( ahalik eta ez komertzial, ez sexista, eduki gutxikoa) gainontzeko orduetan. Zintzilik Irratia irrati ireki eta partehartzailea da, bertan gizarte kapitalista eta errepresibo hau aldatzeko lanean ari diren pertsona eta taldeek lekua dutelarik. Beraien helburua, irratia bezalako komunikabide batekin esperimentatzeaz gain, botereari salduta dauden komunikabide ofizialek isiltzen dituzten salaketa, lan eta proposamenei ahotsa ematea da. Adierazpen Askatasunaren alde borrokatzen dute, ahots inkorfomista eta iraultzaileak irratien munduan gero eta baztertuagoak dauden garai hauetan, eta mundu aske eta solidarioago baten alde borrokatzen ari diren pertsona eta taldeei irekitzen diete Zintzilik Irratiko uhinak. Web orria kontra-informazioa lantzen jarraitzeko beste urrats bat besterik ez da, eta bertan euren programazioa, paskintzilik, kuņak... eta, nola ez, komunikabide ofizialek gure herriaz isiltzen edo manipulatzen dituzten berriak ere aurkituko dituzue bertan.