Canal Vasco 2000ko ekainaren 13an jarri zuen EiTBk abian. Amerikarrentzat beren-beregi pentsatu eta moldatutako katea da. Kable eta DTH amerikarren bidez, gehienbat, iristen zaie ikusleei katea. Gaztelaniaz dira programak eta euskaraz mintzo direnean azalpenak edo azpitituluak agertzen dira. Informazioa, entretenimendua eta kultura ditu ardatz kateak. Egunean hiru albistegi eskaintzen ditu. Horietako bat Ameriketako ikusleentzat bereziki prestaturikoa, gaur egungo elkarrizketez eta eztabaidez eratutakoa. Kirol atal garrantzitsua ere badu, bai profesional arlokoa, bai amateurra: futbola, saskibaloia, pilota, txirrindularitza, eskubaloia, mendia, estropadak, herri kirolak. Ezin ahaztu filmak, erreportajeak, ibilbide eta eskaintza turistikoak, magazinak, kontzertuak, kritikak eta igandeko meza katolikoa. 3.000.000 etxetan hartzen dute dagoeneko Canal Vasco. Amerikako herrialde guztietara heltzen da, ehunka kable-operadoreri esker edota etxeetan zuzenean, satelite plataformaren bitartez. Irailaz geroztik, mundu osoan dira ikusgai Canal Vascoko saio eta programak, Jump TV-ri esker. Egoitza Montrealen duen enpresa horrek internet bidez zabaltzen ditu telebistako seinaleak.